XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Beñat! Manex! Egon!- Sastraka artetik zetorren dei ito hura.

- Nor dabil hor?- Sarako Argainbordako Maiena zen.

Soinekoak urraturik eta oinak odolduak, errekazoko batetan gordea zegoen, hotzak dardaraz eta nigarrez.

- Ene Jauna! Zer duzu, andre Maiena? Zertan zaude hemen?.

Andre Maienak, zotinka, bizpahiru egun lehenago Saran eta beste herrietan gertatua kontatu zien bi gizonei eta berak ihesi egin ahal izan zuela esan zien, baina han zegoela galdua, hiru egun hartan deus ere jan gabe.

- Denak eraman dituztela? Denak? Haurrak ere bai? Baina zergatik? Nora eraman dituzte?.

Galdera larri haiek ez zuten erantzunik izan.

Eman zioten emakume hari, sakelean zeramaten janari apurra; zuzendu zuten mugarantz eta beraiek, axanpak eta larritasunak eraginik, herrirantz jo zuten lasterka.

Iluntzen ari bazuen ere, urrundik ikusi zuen Manexek bere etxea ia erabat hondatua: ate-leihoak txikiturik, etxeko ontzi eta tresnak soroetan barreiaturik, erropak zuhaitz adarretatik zintzilik, abereak lepamozturik edota tiroz hilik...

Hura zen triskantza! Buruari helduz eta bi begietatik malkoak zeriozkala, hitzik esaten ere ez zuen asmatzen ia: - Ene ba! Ene ba! Baina... zer gertatu da? Zer egin digute...? Jauna, Jauna! Non dira Maddalen eta Maddi? Zer egin dizuete, ene maiteok? Zergatik...? Zergatik...?- zioen zotinka.